Zuiako Udalak Arabako Batzar Nagusietako Lurralde Orekaren eta Lurralde Antolamenduaren Batzordean agertzeko eskatu du, Zuiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) izapidetzeak, Udalaren iritziz, jasaten duen blokeo egoera azaltzeko.
Udalak duela zortzi urte baino gehiago ekin zion dokumentu hori izapidetzeari, eta, gaur egun, ez du Arabako Foru Aldundiko Hirigintza Sailaren erantzunik jaso azken testuak — Udalak berak 2024aren amaieran onartua — behin betiko onespena izango duen ala ez argitzeko.
Zuiako Udalak salatu duenez, erantzun falta horrek udalerriarentzat estrategikoak diren hainbat proiektu geldiarazi ditu, bereziki etxebizitza publikoaren arloan, lurraldearen egungo behar nagusietako bat baita.
"Proiektu askok, publikoak zein pribatuak, ezin dute aurrera egin ulertzen ez dugun blokeo administratibo honengatik", adierazi dute udaletik.
Egoera orain dela gutxi larriagotu da, Hirigintza Sailak bi txosten eskatu baititu — bata URArena eta bestea Ebroko Konfederazio Hidrografikoarena —. Udalaren arabera, txosten horiek ez dira nahitaezkoak edo lotesleak prozeduraren fase honetan, bi erakundeek aurreko etapetan eman baitzuten beren iritzia horri buruz.
Udalak gogorarazi du hau ez dela HAPOaren izapidetzean justifikatu gabeko atzerapenak gertatzen diren lehen aldia. Aurreko faseetan, beharrezko txonstenen batek — eta Foru Aldundiaren eskumenekoak — zentzuzkoa baino askoz denbora gehiago behar izan du, eta zaildu egin dute udalerriko hirigintza-plangintzak aurrera egitea.
Unai Gutiérrez Urkiza alkatearen hitzetan:
"Nire erantzukizuna da udalerriaren eta bertan bizi diren pertsonen interesak defendatzea, eta Arabako Foru Aldundiaren aldetik HAPOren blokeo egoerari berehalako erantzuna eskatzea", gehitu du Unai Gutiérrez Urkiza alkateak.