Udalaren gobernu-taldeak egindako ahalegin guztiak alferrikakoak izan dira.
Zuiako ondare kultural eta historikoak galera handia izango du Karitateko Ahizpen Komentu zaharra eraitsita. Elizaren bolumen nagusiaren inguruan garatutako eraikina da. Fatxada neoklasikoa du, frontoi kurbatua eta molduraz apaindua. Eraikitako 5.500 metro baino gehiagotan hainbat erabilera izan ditu: erlijiosoa, hezkuntzakoa eta bizitegikoa. Ez duela 150 urte eraikia izatea, ez eraikinaren liraintasuna ez dira nahikoa izan jabetzak eraisteko erabakia atzera bota zezala. Jada 2016an, ezkerreko hegala eraitsi zen, egoitza berria handitzeko, eraikin-multzoaren simetria hautsiz eta bere irudi monastiko, trinko eta harmoniatsua galduz.
Udalak harreman ugari izan ditu hainbat erakunderekin gai honen inguruan. Horretara, bisita bateratua egin zen birgaitzeetan espezializatutako teknikariekin eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Saileko eta Udaleko ordezkariekin. Ondorioa argia izan zen: eraikinak ez zuen berehalako kolapso-arriskurik, eta, are gehiago, hormetako solairuen altuerei eta baoei zegokienez, ahalmen handia ematen zioten bizitegi modura erabiltzeko.
Jabetzak, ordea, ez du batere aldatu bere jarrera, erabakia erkidegoko goi-organoetan hartuta zegoela argudiatuta, bilerarik ere ez dutelarik egin nahi izan udaleko ordezkariekin. Arabako Foru Aldundiaren Kultura Ondarerako Sailaren ahaleginak ere alferrikakoak izan dira.
Unai Gutierrez Urkiza Zuiako udaleko alkatearen hitzetan, "galera handia da alderdi guztietan. Eraikin horri etapa bat gehiago emateko aukerak eragin sozial positibo ukaezina izango luke. Inguru horri bizia emango lioke, batez ere gaztea, eta, zoritxarrez, gure gizartean hain urrunak diren bi errealitate batuko lirateke. Udalaren proiektuak aurreikusten zuen eraikinaren gehiengoa bizitegi-erabilerarako baliatzea, erabilera publikoko espazio komunak ere ez zirelarik baztertzen belaunaldien arteko bizikidetza susta dadin, bai eta zerbitzu edo merkataritza-espazioak ere. "
Gaineratu duenez, "gai honetan guztian, bada ulertzen ez dugun zerbait. Udalak bere gain hartuko lituzke kongregazioak argudiatzen dituen balizko arrisku guztiak, eta jabeek eraisteko erabakia berraztertu besterik ez dute egin behar. Balantzea ezin positiboagoa da. "