Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, NEIKER Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundearekin eta euskal udalekin batera, aurten ere prebentziorako deia egin dute, eltxo tigrearen hedapena geldiarazteko.
Aste hauetan, Zuiako udalerria Eusko Jaurlaritzak bultzatutako tigre-eltxoa zaintza programan parte hartzen ari da. Ekimen honen helburua intsektu honen presentzia hautematea da, bereziki ekainetik urrira bitartean.
Tranpak jarri dira udalerriko hainbat puntutan, Euskadiko 51 udalerritako 93 eremu hartzen dituen laginketa-sare baten barruan.
Herritarrentzako gomendioak
Herritarren laguntza, udal-zerbitzuen lanarekin batera, funtsezkoa da eltxo tigrearen hedapena geldiarazteko, batez ere eltxoa ugaltzea eragozteko neurriak hartuta. Eltxoek ur pixka bat behar dute arrautzak jartzeko, eta eraginkorrena, beraz, haztegiak izan daitezkeen leku horiek ezabatzea da, etxean ura pilatzea eragotzita.
Ildo horretatik, honako hau gomendatzen da:
- Ur-pilaketak saihestea drainatze-eremuetan (kainu-zuloetan eta estoldetan) eta teilatu-hodietan.
- Ura etengabe egoten den lurzoru pribatu eta publikoetako zuloak estaltzea.
- Astean bi aldiz hustea ura pilatzen duten ontziak: loreontzien azpiko platerak, pitxerrak, baldeak, jostailuak, plastikozko igerilekuak, etab.
- 2 edo 3 egunez behin berritzea gure animalien edontzietako ura. Ura botatzea hustubideetan astean behin gutxienez, ur geldia saihesteko.
- Leihoetan, deposituetan, ontzietan eta beste hainbat lekutan eltxo-sareak erabiltzeak eltxoak sartzea eta arrautzak jartzea eragotz dezake.
Informazio gehiago: irekia.euskadi.eus