Muturreko fenomenoen iragarpena egin du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak gaurko eta biharko.
Gaur (ekainak 30) abisu horia aktibatu du egun osorako kostaldean, Kantauri barnealdean eta Ebro ondoko eskualdean, tenperatura altu iraunkorregatik. Zehaztu dutenez, tenperaturak 35 graduetara iritsi daitezke Zuiako zonaldean. Horrez gain, nabarmendu dute 12:00etatik 20:00etara muturreko tenperatura oso altuak egon daitezkeela.
Bihar (uztailak 1) aldiz, alerta laranja egongo da aktibatua egun osoan zehar, tenperatura altu iraunkorrengatik. Azaldu dutenez, 33 graduetara iritsi daitezke tenperaturak. Horrez gain, abisu horia aktibatuko dute 12:00etatik 20:00etara berriz ere, muturreko tenperatura oso altuengatik.
Nabarmendu dutenez, hirugarren adinekoek, umeek, kirolariek eta eguzkipean lan gogorrak egiten dituztenek osatzen dute arrisku taldea. Ondorioz, beharrezko prebentzio neurriak hartzeko deia luzatu dute.
Ondorengo gomendio hauek partekatu dituzte horretarako:
- Likido ugari edatea, bereziki ura, deshidratazioa ekiditeko. Ez itxaron egarri izan arte edateko. Saihestu egin behar dira alkohola, kafeina edo azukre gehiegi duten edariak.
- Otordu arinak egitea (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, fruta, etab.)
- Itxi leihoak eta jaitsi eguzkiak jotzen duen pertsianak, bero gutxien egiten duen orduak aprobetxatuz etxea aireztatu eta freskatzeko.
- Erabili arropa egokia, lasaia, arina eta kolore argikoa, eta oinetako eroso eta freskoak.
- Saiatu bero gehien egiten duen orduetan kalera ez irteten.
- Irten behar bada, burua estalita egin eta eguzkitako betaurrekoak eraman, beti itzala bilatuz.
- Ariketa fisikoa egiten bada, bero gutxien egiten duen orduetan egin.
- Inoiz ez geratzea edo uztea pertsona edo animalia bat aparkatuta dagoen ibilgailu batean eta itxita, nahiz eta itzalpean egon.
- Gogoan izan, etxe barruan 35 gradu edo gehiago egonda, haizagailuek ez dituztela ekiditen beroak osasunean eragin ditzakeen ondorioak. Komenigarria da beste metodo batzuetara jotzea, hala nola dutxak edo bainu hotzak, edo aire girotua duen leku batera joatea.
- Bereziki zaintzea adineko pertsonak eta haur txikiak. Halaber, arreta berezia jarri etxean bakarrik bizi diren pertsonetan.