Urriaren 5ean, Murgiak Zuiako XXXI. Abeltzain, Nekazari eta Artisauen Azoka hartuko du berriro. Goizeko 10:00etatik 15:00etara bitartean, herriak nekazaritza, abeltzaintza eta artisautzaren inguruko jarduera ugari bilduko ditu, Arabako landa-ingurunean erreferente den hitzordu batean.
Azokak ganadu erakusketa, ekoizle eta artisauen postuak, eta bertako produktuen dastaketa eta salmenta eskainiko ditu. Goiz osoan zehar izango dira, gainera, kale giroa alaituko duten jarduerak: buruhandiak eta Kilikir txaranga ibiliko dira kaletan, eta 11:00etan bertsolarien txanda helduko da.
12:00etan kale-ikuskizun berezia izango da “Artilusio”, eta 12:00etatik 14:00etara haurrentzako ekintza berezia: zaldi gaineko ibilaldiak. Azkenik, 13:00etatik 15:00etara, musika izango da protagonista Rockalean taldearen eskutik, kaleetan zehar.
Azoka hau Zuiako Udalak antolatzen du, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin, eta helburua da bertako produktuak, artisautza eta abeltzaintzaren balioa herritarrei hurbiltzea, jai giroan.