Zuiako Udalak 2026ko Eugenio Murguía beka deitu du, udalerriko ondare natural, historiko, kultural eta linguistikoarekin lotutako ikerketa-proiektuak eta sorkuntza artistikoko lanak sustatzeko. Bekak 6.000 euroko zuzkidura ekonomikoa du, eta banaka zein taldean aurkeztu ahal izango dira proposamenak.

Deialdiaren helburua da Zuiako ondarea ezagutzen, berreskuratzen, interpretatzen edo zabaltzen lagunduko duten proiektuak bultzatzea. 2026ko deialdian, lehentasunez baloratuko dira medikuntza tradizionalarekin eta hari lotutako ohitura eta erabilerekin zerikusia duten lanak. Bereziki kontuan hartuko dira ezagutza, jardunbide eta lekukotasunen bilketa eta dokumentazioa jasotzen dituzten proiektuak, ondare hori kontserbatzen eta zabaltzen laguntzen badute.

Beka eskatu ahal izateko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan erroldatuta egotea, 2025eko urtarrilaren 1etik etenik gabe. Horrez gain, lizentziatura edo goi-mailako graduko titulazioa izan behar da, ahal dela aurkeztutako proiektuaren espezialitatearekin lotutakoa. Bestela, proiektuaren diziplinan curriculum esanguratsua izatea edo irakasle espezialista baten babes-txostena aurkeztea onartzen da, proiektua garatzeko ezagutza eta gaitasuna egiaztatzeko.

Eskabidearekin batera, NANaren fotokopia, curriculum vitaea, eskatutako titulazioaren kopia konpultsatua edo irakasle espezialistaren babes-txostena, errolda-ziurtagiria eta gehienez hamar alde bakarreko A4 orrialdeko proiektua aurkeztu beharko dira.

Proposamenak interesaren eta kalitatearen, Zuiako ondareari egiten dioten ekarpenaren, deialdiko lehentasunezko gaiarekiko loturaren, bideragarritasunaren eta eskatzaileen curriculumaren arabera baloratuko dira. Gehienez 100 puntu lor daitezke, eta beka eskuratzeko gutxienez 60 puntu lortu beharko dira.

Eskabideak aurkezteko epea oinarriak Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasiko den 30 egun naturalekoa izango da. Eskaerak Udaleko sarrera-erregistroan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan jasotako bideetako edozein erabiliz aurkeztu ahal izango dira.

Beka eskuratzen duen pertsonak edo taldeak 12 hilabeteko epea izango du proiektua garatzeko, esleipena onartzen duenetik aurrera. Ordainketa bi zatitan egingo da: bekaren zenbatekoaren %80 aurrerapen gisa eta gainerako %20a lana amaitu eta dagokion batzordeak oniritzia eman ondoren.

Xehetasunak (PDF 166KB)