Gorbeialdeko Kuadrillak XXIV. Argazki Lehiaketa jarri du abian, "Orain Gorbeialdea, inoiz baino gehiago" lelopean. Ekimenaren helburua da eskualdeko paisaiak, natura, ondarea, kultura, jaiak, gastronomia, eguneroko bizitza eta jarduera ekonomikoa argazkien bidez erakustea. Halaber, 2026ko urriaren 3an eta 4an egingo den Gorbeia Experience ekitaldian ateratako argazkiak ere aurkeztu ahal izango dira.

Lehiaketa guztientzat dago zabalik, eta gehienez hiru argazki aurkeztu ahal izango dira parte-hartzaile bakoitzeko. Lanek koloretakoak eta formatu horizontalekoak izan beharko dute, JPG edo JPEG formatuan, eta Gorbeialdeko Kuadrilla osatzen duten udalerrietan ateratakoak: Aramaio, Arratzua-Ubarrundia, Legutio, Urkabustaiz, Zigoitia eta Zuia.

Argazkiak posta elektronikoz bidali beharko dira argazkiak@gorbeialdea.eus helbidera, oinarrietan zehaztutako dokumentazioarekin batera. Lanak aurkezteko azken eguna 2026ko urriaren 21a, asteazkena, izango da.

Lehiaketak guztira 14 sari banatuko ditu Gorbeialdeko establezimenduetan gastatzeko txartelen bidez: 150 euroko sari nagusia, udalerri bakoitzeko bi sari (100 eta 75 euro) eta Gorbeia Experience ekitaldiko argazki onenari emango zaion 100 euroko saria.

Lehiaketaren oinarriak www.gorbeialdekokuadrilla.eus webgunean kontsulta daitezke.