Urrian zehar izango duzu horretarako aukera.

Badator berriz ere Gorbeialdeko Kuadrillaren mintzalagun programan izena emateko urteroko deialdia. Hemendik aurrera, eskualdeko mintzalagun eta gurasolagun taldeetan parte hartzeko aukera izango du hala nahi duenak. Galdera bat daukagu: "Eta euskaraz egiten badugu?"

Mintzalagun taldeak maiztasun finkoarekin elkartzen diren hiztun taldeak dira. Helburu komun bat dute: euskaraz aritzea, lagun-giroan, eta, horrela, bakoitzaren ahozko euskara hobetzea. Mintzapraktika aukera paregabea da euskaraz gehiago aritu nahi dugunontzat. Mintzalagun egitasmoak ez baitira soilik euskara ikasten dabiltzanentzat!

Gorbeialdean, gainera, badugu mintzalagun mota berezi bat: GURASOLAGUN TALDEAK. Talde hauek, azken finean, mintzalagun taldeak dira, baina partaideek bereizgarri bat dute: gurasoak dira elkartzen direnak, beren umeekin. Beraz, familian egiten diren mintzalagun taldeak dira.

Informazio gehiago: https://www.gorbeialdekokuadrilla.eus/eu/informazio-orokorra-/kuadrillaren-berriak/gorbeialdeko-mintzalaguna-eta-euskaraz-egiten-badugu-.html