Urriaren 30an izango da Zuiako Gau Beltza. Aurretik, urriaren 16an eta 23an, tailer bat eta hitzaldi bat antolatu ditu horretaz arduratzen den lan-taldeak. Hiru osteguneko egitarau ederra, beraz!

Gau Beltza antolatzeko lan-taldea honakoek osatzen dute: Zuiako Udala, Bidabarri dantza taldea, Kokuk elkartea, Txintxularra aisialdi taldea, Pagazuri Guraso Elkartea eta Oroko Andra Mari ikastetxea. 2025eko festa urriaren 30ean, osteguna, izango da, eta sorreratik dituen helburu berberak izango ditu: Halloween-en aurrean, heriotzaz, beldurraz eta iluntasunaz gure modura pentsatzea, eta... zergatik ez, ondo pasatzea!

Urriaren 30ean izango dugun egitarauaren berri aurrerako zabalduko da. Horren aurretik, ordea, beste bi hitzordu ere izango ditugu urrian zehar, Gau Beltza aitzakia modura hartuta: 

  • Urriaren 16an, osteguna, 18:30ean liburutegian: HERIOTZA HAURREKIN. Familian heriotzaren gaia lantzeko tailerra, ipuin ilustratuen bidez. Naroa Martinez heriotzaren pedagogian espezialista etorriko da Zuiara: Bizitzaren, galeren, heriotzaren eta doluaren pedagogian lan egiten du berak. 3 eta 12 urte arteko umeei eta beraien gurasoei zuzendutako tailerra izango da, familian egitekoa. Aldez aurretik izena eman beharra dago, urriaren 14a baino lehen: euskara@gorbeialdea.eus / 608782577.
  • Urriaren 23an, osteguna, 18:30ean liburutegian: GAU BELTZA: ITZALITAKO KALABAZEN BERPIZTEA hitzaldia emango du Josu Ozaita antropologoak. Ospakizunaren jatorriaren, zergatiaren eta ezaugarrien inguruan arituko da.