Eusko Jaurlaritzako Segurtasun, Osasun eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailek 2026ko abuztuaren 12an izango den eguzki-eklipse osoaren harira jarraibideak helarazi dizkiete Euskadiko udalei. Helburua da fenomeno astronomikoa segurtasunez behatu ahal izatea eta, aldi berean, eklipsearen inguruan antola daitezkeen jarduera publikoak indarrean dagoen araudiaren arabera garatzea.
Jaurlaritzak ohartarazi du Eguzkia babes egokirik gabe behatzeak ikusmenean kalte larriak eta itzulezinak eragin ditzakeela. Horregatik, herritarrei gomendatzen zaie ISO 12312-2 arauaren araberako betaurreko homologatuak erabiltzea, eta gogorarazten da ez direla seguruak eguzkitako betaurreko arruntak, erradiografiak, negatibo fotografikoak edo antzeko materialak. Halaber, azaldu du eklipsea begi hutsez soilik behatu ahal izango dela osotasun-fasean, Ilargiak Eguzkia erabat estaltzen duenean.
Dokumentazioak, gainera, udalerrietan edo bestelako erakundeek antola ditzaketen behaketa kolektiboetarako hainbat gomendio biltzen ditu. Besteak beste, trafikoaren hazkundea aurreikustea, Euskalmeten iragarpen meteorologikoak kontuan hartzea, hidratazio egokia eta eguzki-babesa bermatzea eta haurren nahiz pertsona kalteberen segurtasuna zaintzea gomendatzen da.
Bestalde, Eusko Jaurlaritzak gogorarazi die udalei aire zabaleko jarduera edo ekitaldi publikoak antolatuz gero indarrean dagoen autobabesaren eta ikuskizun publikoen araudia bete beharko dela. Jardueraren ezaugarrien eta aurreikusitako edukieraren arabera, Arrisku Aurreikusgarrien Baliabidea (AAB) prestatu eta dagokion izapidetzea egin beharko da.
Erantsitako dokumentazioa