Ur-horniduraren bilakaerak positiboa izaten jarraitzen du. Azken gauetan, kontsumo-mailak hobeto ezagutzeko eta biltegiratze-ahalmenak zein azpiegiturek nola erantzuten zuten egiaztatzeko helburuarekin, ez dira aurreikusitako ur-mozketak egin.
Egunotan jasotako emaitza onek aukera eman dute gaueko ur-horniduraren murrizketak bertan behera uzteko.
Hala ere, herritarrei gogorarazi nahi zaie ezinbestekoa dela azken egunotan lortutako kontsumo-mailari eustea edo, ahal den neurrian, apur bat gehiago murriztea. Uraren erabilera arduratsuari eutsiz gero, gauez biltegiak berriz bete ahal izango dira eta horniduraren egonkortasuna bermatzen jarraituko da.
Herritarren lankidetza funtsezkoa izan da egoeraren bilakaera positibo honetan, eta aurrerantzean ere hala izatea espero da, etorkizunean berriro neurri murriztaileak hartu behar ez izateko.
Udalak eskerrak eman nahi dizkie herritar guztiei azken asteotan erakutsitako ulermenagatik, pazientziagatik eta lankidetzagatik.