Ainhoa, Koldo, Lur eta Hodei herritarrek lau hilabeteko abentura osatu dute Kalifornian eta Oregonen barna, eta bizipenak kontatuko dituzte ekainaren 18an, ostegunarekin, Murgiako udaletxean.
Datorren ekainak 18, osteguna, arratsaldeko 19:00etan, bidaia-hitzaldi berezi bat hartuko du Murgiako (Zuia) udaletxeak. Ainhoak eta Koldok, euren bi seme-alabekin batera (2 urteko Lur eta 5 urteko Hodei), Amerikako Estatu Batuetako mendebaldean bizikletaz egindako bidaia handiaren kronika eta irudiak aurkeztuko dituzte, AEK-k lagundutako ekitaldi batean.
Hogei urte baino gehiago daramatzate gurasoek munduan zehar bizikletaz bidaiatzen, baina hau laurak elkarrekin egin duten lehen bidaia handia izan da . Guztira 3.200 kilometro osatu dituzte hiru bizikleta eta umeentzako gurdi batekin . Kalifornia eta Oregoneko estatuak zeharkatu dituzte, San Franciscotik Portlandera kostaldetik eta Portlandetik Tahoe lakura Cascade mendietatik.
Lau hilabeteko ibilbide honetan natura izan da protagonista nagusia: Pazifiko ozeanoa, parke nazionalak, Redwood munduko zuhaitzik altuenak, elurtutako mendiak eta animalia basatiak . Gehienetan kanpatuz eta estatubatuarren etxeetan ostatu hartuz osatu dute abentura . Bidaia zoragarri honen xehetasun eta pasadizo guztiak osteguneko aurkezpenean ezagutu ahal izango dira.