Igoera handiena Administrazio Batzarretara bideratutako partidatan eman da, argiteria publikorako eta jaien antolaketarako.

Urtarrilaren 26ko osoko bilkuran onartu da. Aurrekontua 3.944 234,55 eurokoa da, eta EH Bilduren gobernu taldearen aldeko botoekin (6), Zuia-Bai koalizioaren abstentzioarekin (4) eta PPren kontrako botoarekin (1) onartu da.

Oposizioko taldeekin bideratutako kontaktu erronden barruan, oposizioak ez dio gobernu taldeari aurrekontuetan sartzeko proposamenik egin. Aldiz, Zuiako Administrazio Batzarrek urtarrilaren 16an egindako bileran egindako eskaera eta ekarpen gehienak jasota daude udal aurrekontuan. Era berean, 15.000 euroko partida bat ere onartu da, abenduan eta urtarrilean egindako partaidetza prozesuaren emaitza izan dena. Prozesu horren bitartez, Zuiako herritarrek haien proposamenak helarazi dizkiote gobernu taldeari.

Udalerriko Administrazio Batzarren eskaerei dagokienez, azpimarratzekoa da 2023ko argiteria publikoa diruz laguntzeko Administrazio Batzarretara bideratutako partiden igoera nabarmena (kontzejuen eskumena dena), orain arteko zenbatekoa bikoizten duena, eta jaien antolakuntzarako laguntzak ere handitu izana. Era berean, 43.000 euroko partida bat onartu da Administrazio Batzarrek 2022ko argiteria publikoan izan zuten gainkostua ordaintzeko, energiaren eta elektrizitatearen kostuaren igoera bortitzak eraginda; administrazio guztiek askoz diru gehiago bideratu behar izan dute atal horretara.

Gastu arruntaren igoera handi horren ondorioz, ekitaldi honetako inbertsioen kapitulua 350.000 eurora mugatuko da bataz beste, eta hainbat eraikin eta udal gunetan egingo dira akzioak. Dena dela, inbertsio horiek handitu egingo dira 2023an, dagokion aurrekontu-zuzkidurarekin, bi obra garrantzitsu garatzeko: hala nola saneamendu publikoko zati garrantzitsu bat berritzeko eta anbulatorio zaharra osorik berritzeko.