Sarria

Sarria Murgiako ipar-mendebaldean dago, Gorbeiako Parke Probintzialera bidean - izan ere, parkerako sarbide nagusia da -, Baia eta Ugalde ibaien ibilguen artean.

Azken sei bosturtekoetan, Sarriako etxebizitza-kopurua halako lau handitu da. Baserri tradizionalak eta hainbat itxuratako eraikin berriak ondo egokitu dira Sarriako lorategi-hiriko urbanizaziora, ingurunearen landa-kutsua errespetatuta.

sarria1

Biztanle guztiek komunitateko bizitzan parte har dezaten egindako ahalegina formula tradizionaletan oinarritu da; harridurarik handiena pizten duten lan asko auzo-laneko sistemaren bidez egin dira, komunitatearen onerako egindako auzo-lanaren formula tradizionalaren bidez, alegia. Auzo-lan hori egiteko, iritsitako azken biztanleen parte-hartze kementsua behar izan da, aspaldiko biztanleetako asko oso zaharrak baitira.

Jakina, parrokia-tenplua, horren ingurunea eta herriko instalazio komunak (plaza, bizikidetzarako zentroak, hilerria eta biltegiak) bereziki zaindu dira. Horrez gain, karobi zahar bat eta errota zaharra berreskuratu dira. Hala ere, Sortzez Garbiaren ermitarako sarreren berreskurapen-lanak azpimarratu behar dira, bereziki.

sarria2_1

Are gehiago, elkarrenganako abegia hainbat ekintzatan islatu da: jarauntsitako ospakizunei eustean (San Anton eta gizarte-proiekzioko zozketa originala), Sarriako zaindari San Lorentzoren jaiaren berreskurapen osoan (biztanle gehienek hartzen dute parte jai horretan, eta ezaugarri original asko ditu) eta, batik bat, “Gabon Bideko Taldea” delakoa egituratzean eta animatzean (izan ere, haraneko herri guztietako zuiarrek hartzen dute parte). Aire zabaleko kalejira bat da; oro har zakarra den Gabonetako arratsalde-gauean egiten da, duela hogeita hamabi urtetik hona, eta milaka bisitari bertaratzen dira hura ikustera.