Baia ibaiak eta horren adar Ugalde ibaiak inguratuta dago (Gorbeian sortu eta Ebron isurtzen dituzte urak). Oso ondo komunikatuta dago, Gasteiztik 15 km-ra eta Bilbotik 45 km-ra baitago.
Diru-sarrera nagusiak nekazaritza- eta abeltzaintza-jardueratik datoz; alabaina, gaur egun, jarduera horiek gainbeheran daude. Azpimarratu behar da duela gutxira arte lignito-hobi bat zegoela. XX. mendiaren erdialdera arte ustiatu zuten; izan ere, ikatz-mota hori erabiltzen zuen zeramika-lantegi bat zegoen herrian.
Herria osatzen duten baserri gehienak jauretxeak dira, eta horietako batzuek armarriari eutsi diote; esaterako, “Gaineko etxea” izenez ezagututako dorretxeak Zarate familiaren armarria dauka.
Parrokia-eliza muino batean dago, herritik bereizita eta guztien begien bistan. San Julian eta Santa Basilisari sagaratuta dago. Zaindarien jaiak urtarrilaren 7an ospatzen dira. Egun, 1922ko maiatzaren 15etik, jai nagusia San Isidro egunean ospatzen da.
1965era arte, Bitorianoko umeek “las escuelas” izeneko eraikinean ikasten zuten lehen hezkuntza. Gaur egun, eskolak zeuden lekuan, plaza dago, eta, bertan, jaiak egiten dira.
Herrian, biztanleek beraiek kudeatutako zentro soziala eta bolatokia dago; horrez gain, ibiltzeko eta gozatzeko gogoa ematen duten lekuak eta paisaiak ere badaude. Azpimarratu behar da euskararen jatorria duten toponimia-izen eta hitz asko daudela. Izan ere, XVIII. mendera arte, hizkuntza hori zen Bitorianoko adierazpidea.