Zuian, lehenengo aldiz, GAU BELTZA egingo dugu

 

 

Halloween gugana iritsi baino askoz lehenago, udazkenetik negurako egun gero eta ilunagoen bueltan, erritu ezberdinak egin izan dira Europa osoan. Baita Euskal Herrian ere. 

Gurean badira kontakizunak, kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zirenekoak; bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko jarriak. Trapu zaharrekin aurpegia estali eta beldur eta misterio giroa hedatzeko ohitura zaharra ere bazegoen. Zoritxarrez, ohitura horiek urteetan zehar galtzen joan dira, eta ia ez dakigu egiten zirenik ere. Eta, aldi berean, iluntasunak eta heriotzaren gaiak elkar beldurtzeko jolasean aritzeko parada eman ohi digu.

Gaua, beldurra, mozorroak… Gazte eta ez hain gazteentzat erakargarritasun handia duten elementuak bateratzen dituzte jai hauek. Hori dena kontuan hartuta, Zuiako Udala eta Txintxularra aisialdi elkartearen artean koordinatu, Virgen de Oro eskolari eta gurasoei laguntza eskatu, eta aurtengo urriaren 28an GAU BELTZA ospatzea erabaki dugu. Halloween “gure” egin dezagun!

Festa arratsaldeko 17:00etan hasiko da, Palatu kiroldegian, eta afalordura arte luzatu. Testu honekin batera doan kartelean dago egitarau osoa. Mozorro-tailerra eta ipuin-kontaketa saioa txikienei eta familiei zuzenduta egongo da, eta ondorengo kalejiran hala nahi duen guztiak hartu ahal izango du parte. Gonbidatuta zaudete!

Parte-hartzaileei bi gauza bakarrik eskatuko dizkiegu:

  • Mozorro tailerrerako arropa zaharrak, izarak, kapelak… ekartzea. Ideiak hartu eta mozorroak irudikatzeko, gaubeltza.eus webgunean sartu.
  • Kalejiraren ibilbidea apaintzeko, hustutako kalabazak ekartzea, bakoitzak nahi duen aurpegia bertan eginda. Ondoren, kandelatxo bat jarriko diegu barruan (kandelarik ez duzue ekarri behar!).

Anima zaitezte, ederto pasako dugu eta!