Zuian, euskararen kaleko erabilerak goranzko joera du

2021eko udazkenean egin zuen Soziolinguistika Klusterrak Hizkuntzen erabileraren VI. Kale neurketa. Zuian ere egin zen neurketa, eta joera baikorra erakutsi dute datuek; 2016an egin zen neurketarekin alderatuta, gora egin du behatutako euskarazko elkarrizketen kopuruak.

Kalean egiten diren elkarrizketen hizkuntza jasotzen du neurketak. Hau da: herritarrei ez zaie galdetzen zein hizkuntza erabiltzen duten; galdetu gabe, erabiltzen duten hizkuntza behatu, eta datu horiek jasotzen dira, modu anonimoan. Horrela, 2021eko urrian, hainbat lagun ibili ziren Zuiako kaleetan, eta, guztira, 3.838 solaskideko lagina jaso zuten.

Ez da Zuian neurketa egiten den lehenengo aldia: 2016an ere egin zen. Beraz, bost urtetan hizkuntzen erabilerak kalean izandako garapenaren berri izan dezakegu. 2016an jasotako datuen arabera, neurtutako hiztun guztietatik %5,8k bakarrik egin zuen euskaraz. Datu baxuak euskaltzale askoren arreta piztu zuen, eta horren ondorioz etorri zen, besteak beste, Baietz 42! Ekimena, 42 orduz euskaraz bizitzeko proposamena ekarri zuena. Eta ondoren etorri zen Euskaraldia aktibazio ekimen erraldoia, udazken honetan 3. Edizioa izango duena.

2021eko datuei erreparatuta, esan dezakegu joera baikorra dela: 2016an neurtutako %5,8aren aldean, hiztunen %12,4k egin du euskaraz, neurketak iraun bitartean. Kopurua handia edo txikia den baloratzea baino, garrantzitsuagoa da goranzko joera duela ikustea.

Neurketaren emaitzek utzi dizkigute bestelako ondorio interesgarri batzuk ere:

  • Zuian, emakumezkoek (%13,8) gizonezkoek (%11,3) baino gehiago egin dute euskaraz, neurketak iraun bitartean
  • Euskaraz gehien egin duen adin-taldea 25-44 urte artekoarena da (%21). Ondoren, 2 eta 14 urte artekoena (17,7). Gazteen kasuan (15-24 urte) asko egiten du behera erabilerak, %8,5eraino.
  • Adin ezberdinetako hiztunak elkartuz gero, umeak eta helduak elkarrekin daudenean asko igotzen da erabilera: %29,8raino. Baina, kasu horietan, helduek (%37,7) umeek (%22,7) baino gehiago egiten dute euskaraz.

 

Neurketaren datu guztiak biltzen dituen txostena ondorengo loturan ikus dezakezue. Zigoitiko, Urkabustaizko eta Zuiako datuak daude jasota bertan: