ZUIAKO KORRIKA KULTURALA: era guztietako jarduerak, astez aste

Apirilaren 6an iritsiko da Korrika Zuiara, baina aurreko asteetan hainbat aukera egongo dira beroketa-ariketak egiteko. Guztira, dozena bat hitzordu antolatu dituzte, hainbat eragileren artean. Zuiako euskara lan taldea eta Zuiako gau eskola izan dira bultzatzaile, baina hainbat jardueraren antolakuntzan parte hartu dute Zuiako Udaleko kultura eta berdintasun zerbitzuek, eta Gorbeialdeko neska* gazteak taldeak ere, besteak beste.

Martxoaren hasieran, Udalbiltzaren GEURETIK SORTUAK ekimenaren barruko jarduerek emango diote hasiera hilabete osorako programazioari. Euskal sortzaileentzako zirkuitu nazionala osatzea  du helburu proiektuak, eta Zuiako Udala iaztik da bertako partaide. Martxoaren 6an, Oier Zuñigaren ERESIA antzezlana ikusteko aukera izango dugu, adibidez. Martxoaren 10ean, berriz, iaz gurean egonaldia egin zuen Bertol Arrietak bere kontakizuna aurkeztuko du.

Martxoaren 11n, bi gonbidatu berezi izango ditugu Palatu kiroldegian: eRRe dramatizatutako bertso-antzerkia, batetik, eta Olatz Salvador musikaria, bestetik. Martxoaren 8aren bueltan antolatutako egitarauaren parte da ekitaldi hau. Asteburua borobiltzeko, martxoaren 13an, hileroko azoka (eta emakumeen herri kirol erakustaldia) izango ditugu.

Martxoren 14ko eta 21eko asteetan ere ez dute etenik izango jarduerek: 17an, garagardo dastaketa; 24an, LUZE EDO MOTZ antzezlana; 26an, mus txapelketa; 27an, Emakume paregabeak ipuin-kontaketa saioa; apirilaren 1ean, Kamikaz kolektiboaren bisita (hau ere, Geuretik Sortuak ekimenaren barruan); apirilaren 3an, ardo-dastaketa eta bertso-saioa…

Eta, azkenean, Korrikaren “aste nagusira” iritsiko  gara. Apirilaren 6an iritsiko baita Korrika Zuiara, Urkabustaiztik, goizeko 10:30ak aldera. Egun horretan, Zuiako gazte asanbladak hamaiketakoa prestatuko du, beroketa-ariketak behar bezala egiteko, eta Korrika egin ondoren, arratsaldean, 15:00etan, Virgen de Oro eskolakoek DISKORRIKArekin festa eta dantza egiteko aukera izango dute.

Azkenik, egitaraua ixteko, apirilaren 8an, bertso-afaria izango dugu, Murgiako txokoan, Nerea Ibarzabal eta  Saioa Alkaiza bertsolariekin.

 

OHARRA: ekitaldien ordutegi zehatza, prezioa (halakorik badute), eta bestelako xehetasunak astez aste joango gara zabaltzen. Adi egon, beraz.