Zuiako Udalak 4,5 milioi euro bideratuko ditu bere zerbitzuak mantendu eta hobetzera

  • Inbertsioen kapituluan, milioi erdi euro inguru erabiliko ditu espazio publikoak egokitu eta eraberritzeko.
  • Jasangarritasunaren aldeko apustu garbian, energia-ikuskaritza eta ekintza-plan bat egingo dira 2030 agendaren barruan.
  • Udalak 80.000 euro bideratuko ditu herritarrek proposatutako ekintzetara.

Zuiako Udalak 2022. urteko aurrekontuak onetsi zituen joan den ostiralean, otsailaren 18an. Aurrekontu horren balioa 3.904.208,25 eurokoa da. Aurrekontu horrekin batera, 447.000 euroko inbertsio plana onetsi zen 2022ko ekitaldirako. Horrekin guztiarekin, Udal honek 4,5 milioi euro inguru izango ditu bere zerbitzu guztiak sendotzeko, azken urteotako diru-laguntzen deialdiak aurrera ateratzeko eta, horrez gain, udala eraikitzen eta hobetzen laguntzen jarraituko duten inbertsio batzuk egiteko.

Inbertsioak

Aurtengo inbertsioek oinarrizko azpiegiturak hobetzea dute helburu, hala nola edateko uraren hornidura eta saneamendua, 144.000 euroko inbertsioarekin. Halaber, zenbait espazio eta eraikin publiko hobetu eta egokituko dira, esate baterako Bea Murgia plazako haurrentzako jolastokia, estalki bat jarrita, 115.000 euroko zenbatekoan. Gainera, anbulatorio zaharra birgaitzeko proiektua gauzatuko da, herriko elkarteek erabiltzeko gune bihurtzeko. Horretarako 50.000 euroko partida erabiliko da. Eta Jesusa Enea Lorategia zaharberritzeko azken fasea egingo da, jendearentzat irekitzeko. Horretarako, 95.000 euro erabiliko dira. Iraunkortasunari dagokionez, eta duela hamarkada bat hasitako bidea jarraituz, energia-ikuskaritza egingo da udal mailan, eta baita ekintza-plan bat 2030 agendaren barruan, 40.000 euroko aurrekontuarekin.

Jarduketa horiek guztiek azken urteotan udalerrian egiten ari diren inbertsio eta hobekuntzak osatzen dituzte. Adibide argi bat Udalaren kirol instalazioak berritu eta handitzea da. Haren zenbatekoa 4 milioi euro ingurukoa da, 2021eko ekitaldiaren kontura, nahiz eta obrak 2022ko azken lauhilekoan hasiko diren.

Parte-hartze prozesuaren emaitza

Aipagarria da, halaber, ia 80.000 euroko partida, herritarrek parte hartzeko prozesuetan planteatutako ekintzetarako erabiliko dena. Besteak beste, Bea Murgia plazako kirol anitzeko pista hobetzea, eremu ilunetan argiteria publikoa hobetzea eta gure ibai, zubi eta bideen izenak dituzten seinaleak jartzea.

Zuiako Udalak bertako kolektiboekin, kontzejuekin, udalerriko elkarteekin eta, oro har, herritarrekin duen konpromisoa urtez urte islatzen da zerbitzu publikoetarako aurrekontu-partidak mantendu eta hobetzean, bai eta diru-laguntzen lerroetan ere. Ekitaldi honetan, 800.000 euro inguruko diru-laguntzak bideratuko dira, eta, besteak beste, sustatuko dira: udalerriko kontzejuak, alokairurako laguntzak, euskararen erabilera eta ibarreko kolektibo eta elkarteak.