Bandalismoa ala komunitatea?

Zuia ekintza bandaliko ugari jasaten ari da azkenaldian, hiri-mobleria, instalazio publikoak, jabetza pribatuak eta, azken batean, bizikidetza eta elkarren ongizatea suntsitzen ari direnak.

Zuia ekintza bandaliko ugari jasaten ari da azkenaldian, hiri-mobleria, instalazio publikoak, jabetza pribatuak eta, azken batean, bizikidetza eta elkarren ongizatea suntsitzen ari direnak.

Asteburu bat bestearen atzetik, goiz batean bai eta bestean ere bai, Zuiako egunsentietan ikus daitezke zirkulazio-seinale hautsiak, eraikin publikoetan txikitutako kristalak, paperontziak eta postontziak lurrean, ostikoka hautsitako ateak eta etengabeko kalteak instalazio publikoetan zein jabetza pribatuetan, baldreskeria eta ganberrismo irrazional eta primario horrek ondare publikoen muga gainditu baitu.

Honez gain, etengabeak dira jokabide horien ondorioak: zikinkeria, botilak eta beira hautsiak edozein kaletan, San Martin dorrean, Murgiako hilerrian, Bitorianoko eliza-inguruan, Bea Murgia plazan, Palatu kiroldegiaren ondoan...

Zer gertatzen ari da?

Zuiako udala eta herritarrak kezkatuta daude udalerriak bizi duen egoerarekin, batez ere asteburuetan. Gaueko bizitza ondorio kaltegarriak izaten ari da arlo materialean, baina are sakonagoa da gure herritarren gehiengo handi baten bizikidetzan eta ongizatean eragiten duen kaltea.

Orain, inoiz baino gehiago, dei egin nahi diogu gure komunitate osoari, guztion artean berreskura dezagun, pertsona guztiekiko begirunea eta ondasun publiko zein pribatuekiko errespetua.