Diru-laguntzen Plan Estrategikoa onetsi du Zuiak

 

  • Aho batez onartutako proiektuak, 600.000 €-tik gorako diru-laguntzak aurreikusten ditu 2021 urterako

Zuiako Udalak aho batez onartu du 2021-2023 aldirako bere Diru-laguntzen Plan Estrategikoa. Udalerrian orain arte gehien garatu den proiektua da eta 10 jarduera-eremu jaso ditu, besteak beste, gizarte-ekintzaren, edota kulturaren, hezkuntzaren, kirolaren eta herritarren parte-hartzearen sustapena.

Diru-kopuru altuena duten kapituluak kontuan hartuta, nabarmentzekoak dira COVIDaren krisiak eragindako inpaktu ekonomikoa arintzeko laguntzak: 50.000 euro familia behartsuenentzat, autonomoentzat eta tokiko enpresentzat.
Beste 53.000 euro bideratuko ditu Zuiak zuzeneko diru-laguntzen bidez etxebizitza alokatzeko, EITa (Eraikinen Ikuskapen Teknikoa) egiteko eta etxebizitza hutsak birgaitzeko, bertan bizi ahal izateko gero; hori guztia helburu hauekin: higiezinak kontserbatzen laguntzea, herritarrak bailaran jarraitzen laguntzea eta gazteen emantzipazioa erraztea.
Zuzkidura handiena duen eremua udalerriko 11 kontzejuei dagokiena da, 288.000 €rekin. Besteak beste erabiliko dira argiteria publikoa mantentzen laguntzeko, elurra kentzeko gastuak ordaintzeko eta Administrazio Batzarren ekipamendu publikoak hobetzeko lanak egiteko.

Diru-laguntza Planaren diru-kopuru osoa 608.800 €-koa da 2021rako, eta, aurten lehenengo aldiz, helburuen artean genero-ikuspegia sartu da. "Plan honen bidez, - azaldu du Unai Gutierrez Urkiza alkateak- baliabide publikoen erabilera eraginkorragoa ezarri nahi dugu. Bereziki, bizikidetza-balioak garatzen dituzten, bizi-kalitatea hobetzen duten eta herritarren arteko desberdintasun-egoerak zuzentzen dituzten politika publikoetara bideratutakoak".

Murgia, 2021eko apirilaren 21a (prentsa oharra)