ZUIAKO UDALA, ERABAKITZEKO ESKUBIDEAREN ALDE_ zuzenketa

ZUZENDUTAKO BERRIA! Pasa den irailaren 21ean argitaratutako informazioan esan genuen "... EAJko beste zinegotzia eta Zuiak Batzen Gaitu (ZBG) taldearen ordezkaria abstenitu egin ziren" , Zuiak Batzen Gaitu (ZBG) taldearen 3 ordezkariak abstenitu egin zirela esan beharrean. Jarraian berria zuzena irakurri ahal duzu.

ZUIAKO UDALA, ERABAKITZEKO ESKUBIDEAREN ALDE

  • Zuiako Udalak gehiengoz onartu du erabakitzeko eskubidearen aldeko mozioa
  • Kataluniako Erreferenduma babesten du eta herritarrak deitzen ditu gaur, 20:00etan, Gure Esku Dago Zuiaren ekimenaz egingo den kontzentraziora

Murgia, 2017ko irailaren 21a_Atzo arratsaldean, iraileko udal bilkuran, Zuiako Udalak gehiengoz onartu zuen Gure Esku Dago Zuiak aurkeztutako erabakitzeko eskubidearen aldeko mozioa. ‘Euskal Herria nazio bat da eta ondorioz bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du. Euskal herritarrok eskubidea dugu gure estatus politikoaren inguruan kontsultatuak izateko’, dio aurrera ateratako testuak. Mozioa onartu egin da EH Bilduko 4 zinegotzien eta EAJko 2 zinegotziren aldeko botoekin. EAJko beste zinegotzia eta Zuiak Batzen Gaitu (ZBG) taldearen 3 ordezkariak abstenitu egin ziren. PPko ordezkariak, aldiz, kontra bozkatu zuen.

Katalunian urriaren 1ean egingo den Erreferendumaren babesa ere jasotzen du testuak. Eta ‘Herrialde Katalanen erabakitzeko eskubidearen aurkako erasoen aurrean’, gaur arratsaldeko 20:00etan, Zuiako Udaletxean, Gure Esku Dago Zuiak deituta, egingo den kontzentrazioan parte hartzeko deialdia egiten du.

Irudietan, atzo Zuiako Udaletxearen aurrean, Murgian, EH Bildu Gorbeialdeak deitutako kontzentrazioa eta gaurko deialdia. Mozioaren testua osorik irakurri ahal duzu pdf dokumentuan.