Udalbatzak adierazpen instituzionala onartu du Zuiako ibaien defentsan

Udala kezkatuta dago oso urtero-urtero udaldi guztietan udalerriko ibaiek jasaten duten egoerarekin

Iragan den ostegunean, udalbatzak ezohiko udabaltzarrean mozio bat onartu zuen aho batez urtero-urtero udaldi guztietan udalerriko ibaiek jasaten duten egoera salatuz. Mozioaz gain, eskumenik duten erakundeei dei egin die bertara etorri eta bilera egin dezaten egoera aztertu eta irtenbidea bilatzeko.

Honela dio mozioak:

ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Baia ibaiaren arroaren defentsan eta uraren ziklo osoa Zuiako udalerrian bermatzeko

 

ZIOEN AZALPENA

Aspaldikoa da oso uraren gestioak Zuiako udalerrian duen problematika eta udalbatza guztiek nola, baliabide hau gestionatzen duten kontzejuetako administrazio-batzarrek ahaleginak eta lan egin dute uraren ziklo osoak berez dakartzan azpiegiturak eta instalazioak hobetzen: edateko ura banatzeko sareak, edateko ura gordetzeko andelak, edateko ura tratatzeko estazioak, saneamendu-sareak eta araztegiak.

Hala ere, funtsezko eta ezinbesteko azpiegitura falta da, edateko uraren hornidura udalerriko populazio handieneko guneetan bermatuko lukeena eta sare ezberdinak hornitzen dituzten ibai eta erreka guztien emari ekologikoa ziurtatuko lukeena, arau subsidiarioak idatzi eta onartzerakoan eragozpen ere izan zelarik, hiriguneak zabaltzeko aukera mugatuz.

Arlo honetan, bereziki larria da udaldi guztietan oro gure ibai nagusiak, Baiak, eta bere ibaiadar batzuek, Ugalde esaterako, nozitzen duten egoera, emari-erregimena zeharo aldarazita eta beren uren kalitatea eta kantitatea izugarri kaltetuaz. Baldintza hauen ondorioz, egoera zinez kritikoa izaten dute, gerta litekeen edozein isurpenen aurrean oso kaltebera bilakatuta.

Egungo hornitze-erregimenak, Baia ibaiaren arroaren ingurumenak nozitzen dituen kalte zorigaiztokoez gain, arrisku bizian jartzen du udalerri osoaren ekonomia, industria, nekazaritza, abeltzaintza eta gizartea behar bezala  garatzeko aukera, bertako bizilagun askoren bizi-premiak eta horniketa-beharrak estutuz, urtearen gainontzeko urtaroetan soberako ehunka metro kubiko joan ohi direla ikusi eta deus ere egin ezinik.

Izan ere, azpiegitura hau udalerriz gaindiko erakunde publikoen eskumen eta egitekoa da, zehazki errateko, URA Uraren Euskal Agentziarena. Erakunde honek idatzia dauka 2011. urtetik Goi Baia ibaiko hornidurarako proiektua. Zoritxarrez, proiektu honek ez du argia ikusi eta lagata egongo da, antza, agentzia horretako tiraderaren batean.

Udalbatza hau, aurrekoen antzera, kezkatuta dago oso gai honi behar bezalako konponbidea emateko eta behin eta berriro ahalegindu da problematika honi hautabideak eta irtenbideak aurkitu eta proposatzen. Orain, udan zehar izandako prezipitazio urrien ondorioz, inoiz baino agerikoagoa da Baia ibaiaren arroko emarien egoera eta sekula baino argiago dago Zuiako populazioaren gehiengoa ezin egon daitekeela udako prezipitazioen erregimenaren menpe.

Testuinguru honetan, non natur baliabide mugatu hauen ahitze eta agortu, Baia eta bere ibaiadarren uren kalitatea degradatu eta kantitatea izugarri urritu eta gure herri eta hiritarren bizia eta etorkizuna arriskutan jartzen baitituen, Zuiako udalbatzak aho batez onartu du:

  1. Galdegin egiten die uraren gestioan eskudun diren erakunde guztiei, udala bera eta administrazio-batzarrak ere barne, eta, bereziki, URA Uraren Euskal Agentziari eta, lehenengo bien lagungarri, Arabako foru-diputazioari ezen zurruntasun eta zorroztasunez ekin diezaiela egin beharreko lanei, Zuiako udalerriari kalitatezko ur-horniketa bermatu eta Baia ibaiaren eta beren ibaiadarren emari ekologikoa ziurtatuko duen konponbide tekniko egokia ahal denik eta lasterren ezarriko bada, babes bereziko eremua dela kontutan hartuta, martxoaren 17ko 35/2015 dekretuaren bidez Arabako  lurralde historikoko bost ibai babes bereziko eremu izendatu baitzituen.
  2. Eskatzen du egin beharreko lan horiek une guztietan oro martxoaren 10eko diputatuen kontseiluak onetsitako 122/2015 erabakiak araututako gestio-neurrien arabera egin daitezela, Arabako lurralde historikoko ibaietako babes bereziko bost eremuetako (BBE) espeziak babestu eta beren habitatak kontserbatu eta ez aldarazteko "zuzentarau eta gestio-neurriak" izeneko dokumentua behin betikoz onartu zuelarik.
  3. Bere konpromiso eta lankidetzarik handiena agertu eta eskaini nahi ditu, konponbide tekniko hori ahalik eta lasterren gauza dadin.
  4. Helarazi eta zabalduko du honako akordio hau bertako hiritar guztiei beren sostengua eskatuz eta ur-kontsumoak behar beharrezko dituen sentiberatasun eta erantzukizunean sakonduz.
  5. Igorri eta jakinaraziko die honako akordio hau URA Uraren Euskal Agentziari, Euskal Gobernuaren Ingurumen eta Lurralde-Politikarako sailari, Arabako foru-diputazioari, bai eta Baia ibaiaren azpiarroko udal kaltetuei eta udalerri hauetako administrazio-batzarrei ere.

Zuian, 2016ko irailaren 8an.