Domaikia

Zenbait dokumentu-erreferentziaren arabera, esan daiteke Domaikia 1257an sortu zela, gutxienez; izan ere, Kalagorriko gotzaingoko herrien zerrendan “Domaquia” agertzen da, Çuibarruia-ko artzapez-barrutiko herri gisa.doma1

Arkitektura-ondarean, San Bartolome parrokia-eliza azpimarratu behar da; erromanikoko eraikina da, nahiz eta geroago zaharberrituta dagoen. Jatorrizko fabrikatik, leihate bat geratzen da, baita zenbait harburu ere. Tenplua oinplano angeluzuzenekoa da, eta, barrualdean, erdiko erretaula nabarmendu behar da. Platereskoa da eta zurean egindako pinturez eta erliebeez apainduta dago; pintura eta erliebe horiek aldare zaharrekoak dira (Arabako arteko adierazgarririk onenetakoa). Halaber, Jose Antonio Gonzalez de Salazar hiribilduko egungo apaizak berreskuratutako leihatearen hondakinak ere aipagarriak dira; hondakin horiek berreskuratzeaz gain, aldareko altzari berriak eta plazako monumentu-multzoa ere egin zituen.

XVIII. mendearen amaierako dokumentu batean, Zuiako Bikariotzako herri guztietan euskaraz mintzatzen zela azaltzen da, eta Domaikia ere bikariotza horren barruan zegoen. L. L. Bonaparteren hizkuntza-mapan (1863), ordea, eremu euskaldunetik kanpo zegoen. Hala ere, gaur egun, euskara berrindartzen ari da, pixkanaka-pixkanaka.

Gaur egun, berrogeita hamar biztanletik gora daude Domaikian; batik bat, behi- eta zaldi-aziendak hazten dituzte. Zaindariaren jaia abuztuaren 24an ospatzen da, San Bartolome egunean, alegia.
doma2
Urtero, Carlos Ortiz de Zarate Domaikian jaiotako apaizaren ideia batean oinarrituta, ehun lagunek baino gehiagok –jantzi tipikoak jantzita eta lanabesak, zuziak eta aspalditik basapiztiak ehizatzeko erabilitako tresna guztiak daramatzatela– Piztiaren ehiza eta hura ehizatu ondoren taldea herritarren pozaren pozaz herrira iristen denekoa antzezten dute. Etnografoek Piztiaren mitoa ikertu zuten eta ziklope baten ezaugarriak egotzi zizkioten; begi bakarra zuen eta domaikiarrak irentsi eta ikaratzen zituen.