Geografia

Bere mugetan Gorbeiako mendigunearen zati handi bat datza, gailurrik garrantzitsuenak bertan direlarik: Gorbeia 1.482 m.; Nafarkorta 1.017 m.; Burbona, 932 m.; Berretin 1.226 m.. Bertan dute sorlekua, gainera, Baia ibaiak, Larreakortak, Ugaldek eta abarrek…. Ibaiok euren uren joanean (Ipar-Hego norabidean) Zuiako haranaren barreneraino, hots, Baia ibaiaren ingururaino heltzen diren arro zorrotz ugari landu dituzte haitzetan.

Nahiz eta Gorbeiako jatorrizko begetazioaren hein handi bat ebakia izan den (bertan gaur egun txilarrak eta pinuak daude landatuta), oraindik pagadi eder eta zoragarriak daude Berretinen (Larreakorta), Arlobin eta Ilunben; eta Ugalde ibaiaren trokan ere (Aldamiz, Arazo, Berretinen hegoekialdean…) amezti handi bat dago; bai eta haltzadi eremu bat ere Baia ibaiaren ertzean. Baina, ezbairik gabe, ondoen jagonda dagoen ingurua Altubeko pagadia da, Zuiaren inguru horretan, Burbonatik jaisten diren trokaren inguruan hazi eta handituz joan dena: Bortal/Errekandi deritzona eta Katxandianokoa.

Zuiako haranean, Baia ibairen inguruan (Bitorianon, Ametzagan, Lukianoraino eta Gillernan Basabitxi eta San Fauston) harizti zoragarriek ikus ditzakegu oraindik. Berauek uhartetxoen antzera dagoz bananduta euren tartean Zuiako haran osoa okupatzen duten landa-eremu handiak direlarik.

Oro/Atxabaleko Haitzek (896 m.) eta Ganaltok (Badaiako mendizerra, 900 m.) bukaera ematen diote Zuiako haranari eta euren mendi-lepo ederretan pagadi eta harizti eremuak ikus daitezke han-hemenka. Inguru honek ikuspegi benetan ederrak ditu, batez ere, Oro inguruan, eta interes botaniko, geologiko (Karezko uhartetxoa Murgiako inguru diapirikoan) eta artistiko (Oroko santutegia) handiko guneak dira, gainera.

 

Mediterraneoko Isurialdea

Igatz_zubiaren_azpian___2___

Zuia Haraneko Mediterraneoko isurialdeko ibaiak Baia ibaiarenak dira gehienak eta gutxi batzuk Zadorra ibaiarenak.

  • Baia Ibaia:

Arabako garrantzitsuenetakoa da eta Zuiako haraneko ur gehien duena. Egiriñaoko iturburuan, Bizkaian,  sortzen da eta 2.5 km.-ko ibilbide egin ondoren, Zuiako haranean sartzen da, hantxe ur gutxiago duen Padrobaso iturburuko urak batzen zaizkiola, eta bat egiten du han Arlobiko ibaiarekin, gero Arkaraiko zubian Larreakortako ibaiarekin batu arte,  hortik hartu baitu Baia izena. Gero goitik behera zeharkatzen du harana, 18 bat km.-ko ibilibidea eginez –guztira 55 km. ditu- eta hala zeharkatzen ditu Sarria, Murgia, Ametzaga, Bitoriano eta Lukiano, La Encontradako baserriraino. Gero Kuartangoko udalerrian sartzen da, gero Subijana, Pobes eta Ribabellosan eta azkenik Ebro ibaian isurtzen ditu bere urak.

Baiaren ibaiadarrak:  
Larreakorta eta Arlobi aipatutakoez gain beste ibaiadar hauek ditu:

  • Otxondo, izen bereko lekuan isurtzen ditu bere urak.
  • Ugalde, haraneko garrantzitsuena Baia beraren ondoan. Gorbeiako Pagazuri iturburuan sortzen da eta Markina, Sarria, Murgia eta Bitoriano zeharkatu ondoren Etxabarrin isurtzen ditu urak Baia ibaira.
  • Ugaldek honako ibai hauetatik jasotzen ditu urak:
    • Goba, Gorbeian sortzen da izen bereko lekuan, mendioste eta Landatxuetako iturburuetan; Aretxagako baserriak inguratu eta Murgia aldera hartzen du. Bi auzotan banatzen du Murgia eta, azkenik, Ugalden isurtzen ditu urak, Añurieta izeneko lekuan.
    • Errotigan, Domaikian sortzen da eta bertan batzen zaizkio zenbait erreka txiki eta Jugon Bizurretako iturburuetako urak; gero, Ugalde ibaira isurtzen ditu urak Bitorianon.
  • Eskarpe, Gillernan sortzen da, Arruibietako iturburuan, eta Presaben isurtzen ditu urak Baia ibaira.
  • Atabe edo Aperregi, Badaiako Mendilerroan sortzen da, Atabeko iturburuetan, eta Baia ibaira isurtzen ditu urak, La Encontrada-ko urtegitik hurbil, Isisondo izeneko lekuan.
  • Zadorra ibaia: Zuiako haranaeko alde txiki batek isurtzen ditu bere urak Zadorra ibaira: Zarate aldeko ibai eta erreka txiki batzuk.

Kantauriko isurialdea

Isurialde honek Mediterraneoko isurialdeak hartzen duen eremuaren lauren bat hartzen du gutxi gorabehera Zuiako haranean. Ametzagako Ametzolatik, Marakaldako Lagurubeitik eta bere lautadetako zingiretatik eta Altubeko mendi guztietatik datozkio urak. Ibairik handiena Altube da:

  • Altube ibaia: ibai honetara isurtzen dituzte urak Zuiako Kantauriko isurialdeko gainerako ibai guztiek. Basaude eta eta Jaundia ibaien baturak sortzen du Altube ibaia. Bi ibai horiek Eskartegin egiten dute bat, izen bereko baserriak baino aurreraxeago.
    • Basaudek sorburu duen elektratik hartua du izena eta Armiñagatik pasatzen da.
    • Jaundia Goiuriko ur-jauzian sortzen da eta Inosoko partetik hartzen ditu urak.
    • Bi ibai hauek Altuben egiten dute bat eta 24 km. egin ondoren Nerbioi ibaira isurtzen ditu urak.

Hona Altuberen beste ibaiadar batzuk:

    • Rezulato, urak Marakaldako zingira txikietatik hartzen dituena (Kamarazorpo, Bellostegi, Bikopozu, Iñortza, Ameskurtze, Rezulato, las Siete Fuentes, Monreal eta Kulukudrapa).
    • Ugazi edo Errekailun, Baranbioko Txarako urak hartzen dituena eta, hegoalderantz jotzen duela, Zuia eta Baranbioren artean muga egiten duena. Ziorragak isurtzen ditu bere urak Altube ibaira.
    •