Udal Albisteak

UDALBATZA BERRIA OSATU DA

 

Pasa den larunbatean, 2019ko ekainaren 15an, Zuiako Udalbatza berria osatu zen.

Hemendik eta Unai Gutierrez Urkiza alkatearen bitartez, zuiar guztiak agurtu nahi ditugu. Eta aldi berean gure kompromiso sendoa adierazi, guztiona den udalerri hau hobetzen jarraitzeko.

Agur bero bat!

Irakurri

Epea irekita emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortze aldera jarduerak garatzeko diru laguntzak

Diputatu Nagusiaren 230/2019 Foru Dekretua, maiatzaren 28ekoa. Irabazteko asmorik gabeko elkarte eta erakundeentzako dirulaguntzak emateko deialdi publikoa onartzea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortze aldera jarduerak garatzeko - 2019ko ekitaldia .

> ALHAOn publikatua 2019/06/03
> Eskaerak egiteko epea 2019/07/03
> Laguntza teknikoa behar izanez gero harremanetan jarri Gorbeialdeko Kuadrillako berdintasun teknikariarekin.

Irakurri

GORBEIALDEKO KUADRILLAKO EMAKUME ETA GIZONEN ARTEKO BERDINTASUN PLANAREN ONARPENA

Gorbeialdeko Kuadrillan maiatzaren 14an ospatutako batzarreko juntan onartu egin zen Gorbeialdeko Kuadrillako emakume eta gizonen berdintasunerako I Plana (2019-2022). Honek suposatzen du, gaur egun eta lehen aldiz Gorbeialdeko udal guztien berdintasun Plana izatea.

2018. urtean zehar Aramaioko, Legutioko, Zigoitiko eta Zuiako berdintasun Planen ebaluazioa egin zen eta baita Arratzua-Ubarrundiko eta Urkabustaizko politiken ebaluazioa-diagnosia ere. Behin dokumentu hau izanda, Plana egiteari ekin zitzaion parte-hartze sozial, politiko eta tekniko handiarekin, bileren, tailerren eta formakuntza desberdinen bitartez lortua.  

Kuadrillako I. berdintasun Plan hau, hurrengo 4 urteetako berdintasun politiken ardatz eta erremienta izango dugu, hau lau ardatz nagusietan antolatuta dago: gobernu ona, emakumeen ahalduntzea, bizitzaren jasangarritasuna eta indarkeria matxistarik gabeko bizitza, giza eskubideen ikuspegitik.

Planaren aurkezpen publiko, ekainaren 7an izango da, Gorbeialdeko Kuadrillako Emakumeen Topaketan, Urkabustaizeko kultur etxean (Izarra) arratsaldeko 17etan.

Irakurri

ZUIAKO UDALAK 1.443.811 €KO SUPERABITAREKIN ITXI DU 2018 URTEA

Irudian, Domingo de Sautu kalea erabat berrituta, barrutik eta kanpotik.

 

  • Emaitza egindako kudeaketa onaren ondorioa eta politika eraginkorraren fruitua da
  • Gainera, ‘oso ongi’ jarri diote zuiarrek udal kudeaketari, bailaran egindako inkesta baten arabera

Azken osoko bilkuran, pasa den apirilaren 11n, Zuiako Udalak 2018 urteko aurrekontuaren likidazioa aurkeztu zuen oso zifra positiboekin, bere egoera ekonomiko ona nabarmen hobetuz. Kitapenak emaitza positiboa, superabita, erakusten du; zehazki, 1.443.811 eurokoa. Kopuru hori diruzaintzako soberakinei - udal aurrezkiei- gehitu zaie, azken 8 urteetan ia hirukoiztu den kopurua, hain zuzen ere.

Alkateak, Unai Gutierrez Urkizak, adierazi duenez, emaitza “egindako kudeaketa onaren ondorioa eta politika eraginkorraren fruitua da. Kontu publikoetako euro bakoitza zaindu dugu eta, aldi berean, proiektu eta inbertsio garrantzitsuak eraman ditugu aurrera; esate baterako, Pauldarren eraikina eta lurrak erostea, edota Domingo de Sautu kaleko lanak burutzea”. Gainera, udal finantzen egoera bikainak bidea emango du hainbat proiektu garrantzitsuri ekiteko, besteak beste, etxebizitza sozialak eraikitzea, Palatu Kiroldegiaren erreforma edo Zuiako Kultur Etxea abiaraztea.

Zenbakiez gain, Zuiako herritarrek ere babestu dute azken urte hauetako udalaren kudeaketa. Duela gutxi, udalaren enkarguz, gobernu taldearen lanaz eta etorkizuneko erronkei buruz egindako inkesta baten arabera, zuiarren ustez, azken legealdietan udala lan ona egiten ari da. Eta jarri dion bataz besteko nota 'oso ongi' da.

Irakurri

ZUIA ETA VERGES-EN ARTEKO SENIDETZE AKORDIOAREN SINADURA

 

  • Maiatzaren 9an, Kataluniako eta Arabako udalen arteko akordioa sinatuko da
  • Hitzordua Zuiako udaletxean, arratsaldeko 8:etan, izango da

Aste batzuk luzatu diren prestaketak burutu ondoren, lan-taldeak Verges (Girona) eta Zuia (Araba) bisitatu ostean, eta batez ere proiektuan ilusio handia ipini eta gero, maiatzaren 9an, ostegunean, Kataluniako eta Arabako udalen arteko senidetze-akordioa sinatuko da Zuiako udaletxean. Ardura aipatutako udalerrien alkateei dagokie: Ignasi Sabater Poch-i eta Unai Gutierrez Urkizari, hain zuzen ere. Bi udalek senidetze-proposamena osoko bilkuretan onetsi zuten, martxoan Verges-en eta otsailean Zuian. Eta bientzako hau izango da beste herri batekin senidetze-erlazioa eratzen duteneko lehenengo aldia.

Sinaduran Vergeseko gizarte eta erakundeetako ordezkapen bat egongo da. Arabarren aldetik, gonbidapena hurrengo talde hauei luzatu zaie: Zuiako kulturako, kiroletako eta gizarteko elkarteei, udalerriko 11 batzar administratiboen arduradunei, Gorbeialdeko Kuadrilako gainerako udalerrikoei, Gure Esku Dago tadeetako kideei, ANC-koei eta abar. Zuiako Udaleko alkatearen hitzetan “bi udalerrien arteko esperientziak eta jarduerak partekatzeko eta trukatzeko abiapuntu bat izango da, bai eta udalerrietako talde eta herritarren artean ere, guztion onerako eta onurarako”.

Verges eta Zuia udalen arteko senidetzea ‘Gure Esku Zuia’ erabakitzearen aldeko mugimenduaren proposamena da. Kataluniako herriari babesa eta elkartasun osoa adierazi eta erakustea du helburu nagusia, “bizitzen ari den baldintza gogorretan, Espainiako botere politikoek eta judizialek hartu dituzten jardun larriaren ondoren, herritarren gehiengoaren borondatearen kontra, herriak bere gobernuaren era bozkatuz erabaki ahal zezala erreferenduma antolatzeko delituagatik”.

Bere aldetik, hainbat arrazoietan oinarrituta hautatu da Verges udalerria. Nagusia, Kataluniako Motards Independèntistes elkartearekin dagoen harremana. Motorzaleek Zuia bisitatu dute hainbat alditan azken lau urteetan eta duela urte batzuk kide bat gure udalerrian bizi da. Bestalde, Verges eta Zuia artean antzekotasun garrantzitsuak dira: landa guneak dira biak, tamaina txikikoak (2.500 biztanle Zuian, 1.200 Vergesen) eta ondasun kultural eta sozial handia partekatzen dute. Gainera, Beheko Anpurdan kokatuta dagoen udal horretan jaio zen Lluis Llach kantautorea; Arabarekin edo, hobe esanda, Gasteizekin elkartasun handia duena, 1976ko martxoaren 3an tiroz hildako 5 langileei omenez bere kanta bat idatzi zenetik. Kantautoreak ezin izango du Zuiara hurbildu, baina mezu bat helaraziko digu.

Irakurri